You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Irudi ba al zenekien

Anni Albers bere ehungintza-estudioan Black Mountain College-n, 1937
Argazkia: Helen M. Post
Courtesy of the Western Regional Archives, State Archives of North Carolina

Ba al zenekien...?

Anni Albers. Artea esplorazio gisa

Didaktika proiektuak ikusgai dauden erakusketen esperientzia osatzeko aukera eskaintzen die bisitariei, hezkuntza-gune eta jarduera berezien bitartez. 

Oraingo honetan, gune didaktikoak Anni Albersen heziketa-ikuspegi nabarmena eta uste artistiko irmoak emango dizkigu aditzera (Berlin, 1899–Orange, Connecticut, AEB, 1994).

Bauhaus eskola (Weimar, Dessau eta Berlin, Alemania) eta Black Mountain College (Ipar Carolina, AEB) funtsezkoak izan ziren Albersen bizitzan. Anni Albersek Kunstgewerbeschule edo Arte Aplikatuetako Eskolan ikasi zuen denbora labur batez, eta bertan ezagutu zuen ehunen ekoizpena, geroago Bauhaus eskolan sakon esploratuko zuena. Ondoren, Black Mountain eskolan, Albersek bere ikerketak zabaldu eta ehungintza artearen ikuskera tradizionala berritu zuen obra garatzeko aukera izan zuen; horrela, diziplina hori eskulan hutsetik haratago eraman zuen. 

Gauza berriak ezagutzeko grinak eta teknikekin eta materialekin esperimentatzeko etengabeko jakin-minak Albersen praktika gidatu zuten. Artistak egindako bidaia ugarietan izan zuen gaitasun horiek sustatzeko aukera; horien artean, Latinoamerikan zehar egindako ibilbideak nabarmentzen dira, besteak beste, Txile, Mexiko edo Peru bezalako herrialdeetan egindakoak.

Bauhaus eskola. Alemania Estreinako topaketa ehunekin

Albersek Hanburgoko Arte Aplikatuen Eskolan (Kunstgewerbeschule) ikasi zuen 1920. urtean, baina irakaskuntza tradizionalarekin desengainua hartu eta esperimentalagoa zen prestakuntza bat bilatu zuen. Weimarren zegoen diseinu eta arte aplikatuetako eskola alemaniar berri bati, hau da, Bauhaus eskolari buruzko liburuxka batek liluratuta, 1922. urtean bertan plaza bat eskatzea erabaki zuen. 

Bauhaus eskolak izaera liberala berezkoa omen zeukan arren, Albersek aurrera egin behar izan zuen gizonezkoen mundu batean. Walter Gropius erakundearen zuzendariak “fisikoegiak” ziren eskoletan parte ez hartzea (metalurgia, zurgintza) gomendatzen zien emakumeei. Horregatik, Albersek ehunak aukeratu zituen, eta oztopoak oztopo, Bauhaus “arte akademikotik urrundu behar ginela bazekien eskola berritzaile” gisa deskribatu zuen.

Bere interesek ez zuten guztiz bat egiten Bauhaus eskolaren ikuspegi praktiko eta industrialarekin, baina eskolak proposatzen zuen curriculum zabal eta askeak bere kezka artistikoak garatzeko aukera eman zion:

Bauhaus eskolaren alderdi erakargarriena zen oraindik ez zegoela inolako irakaskuntza sistemarik ezarrita […] eta dena zure esku egongo balitz bezala sentitzen zinen; zure lan egiteko era topatu behar zenuen, nolabait […]. Ziur aski, askatasun hori ikasle orok esperimentatu beharreko funtsezko zerbait da.

Black Mountain College, AEB. Heziketa komunitatean

Alderdi nazia 1933an boterera iritsi ondoren, Bauhaus eskolak bere ateak itxi egin behar izan zituen, agintariek komunisten eta liberalen bilgunetzat jotzen baitzuten, alegia, “arte degeneratu” izendatu zutenaren iturritzat. Urte hartan bertan, New Yorkeko Museum of Modern Art (MoMA) museoko arte-arduradun Philip Johnsonek Anni eta bere senar Josef Albers, Bauhaus-eko irakaslea, gonbidatu zituen Black Mountain College (Ipar Carolina) eskolan irakasle gisa jardutera. Arte eskola esperimental txiki hori Andrew Rice eta Theodore Dreir-ek sortu zuten. Floridako Rollins College eskolako irakasleak izan ziren horiek, eta, irakaskuntza sistema tradizionalarekin etsituta, euren eskola propioa zabaltzea erabaki zuten; bertan, komunitate eta lankidetza printzipioetan oinarritutako diziplina arteko heziketa eskaini nahi zuten. Arte plastikoak ziren ikasketa-planaren oinarria. Ikasleak elkarrekin bizi ziren eta azpiegituren mantenu eta garapenean parte hartzen zuten, hala nola, lorategi eta baratzetan. Praktika lehenesten zen teoriaren aldean, eta ikasle nahiz irakasleek metodo eta teknika berriekin esperimenta zezaten bultzatzen zen. Black Mountain eskolak eskaintzen zuen askatasunarekiko erakarrita sentitu ziren beste sortzaile batzuk ere bertan aritu ziren irakasle; besteak beste, Merce Cunningham koreografoa (bertan bere dantza konpainia sortu zuen), John Cage musikaria eta Willem de Kooning artista.

Black Mountain eskolan izandako esperientzia gogora ekarriz, Albersek zera esan zuen: 

Oso leku interesgarria zen, guk geuk zerbait eraikitzeko askatasuna eman zigulako […]. Nik ehungintza tailer bat antolatu nuen eta prestakuntzan eta nire irakaskuntza teknika propioen garapenean lan egin nuen.

Ehungintza ezagutuz. Oihal zintzilikariak

Anni Albersen sormen-prozesua etengabeko esplorazioa izan zen, eta hainbat aurkikuntzak markatu zuten. Bauhaus eskolan ehungintza arloan sartu zen, eta beranduago, AEBn, grabatuak ematen zizkion aukerak jorratu zituen. 

Albers Bauhaus eskolako ehungintza tailerrean matrikulatu zen 1922. urtean. Garai horretan, artistaren beraren esanetan, “ehungintza ez zen arlo zehaztzat jotzen, erremintatzat baizik”. 

Artistak zera baieztatu zuen behin: “Uste dut, alde batetik, gaur egun ehungintzaren praktikari heltzen diodanean, askatasun osoz eseri eta ikertzen dudala zer gertatuko litzakeen hauxe tolestuz gero, edo bestea biratuz gero, etab.”. Tindatze prozesuei eta ehungailuen funtzionamenduari buruzko ezagupenak bereganatu ondoren, Albersek ehunen ahalmen estetiko eta industriala aztertu zuen. Bilaketa horren ondorioz, bere lehenengo “oihal zintzilikariak” sortu zituen. 

Artistak ekoizpen metodo sistematiko eta antolatua garatu zuen; bertan, ehunak kopuru handietan fabrikatu zitezkeen. Bere oihal zintzilikarietan moduluak agertzen ziren, errepikatzen, biratzen edo arau geometrikoei jarraiki elkarrekin lotzen zirenak. Albersek figura bat hautatzen zuen —triangelua zuen gustukoenetako bat— eta amaierako konposizioa lortu arte errepikatzen zuen. Halaber, oinarrizko lehenengo ehun horren gainean, Albersek bigarren mailako sare berri bat edo gehiago ehundu zitzakeen, geruza eta bolumen desberdinak sortzeko. Horrek guztiak piezari hainbat dentsitate ematen zizkion. Paul Klee (1879–1940) Bauhaus eskolako irakaslea zen Albersek bertan ikasi zuenean eta ehungintza tailerraren arduraduna izan zen zenbait urtez; maisu haren lana behatzeak funtsezko eragina sortu zuen artistaren lan egiteko moduan.

Teknika eta material berriekin esperimentatzen. Ehundurak

1929. urtean, une hartan Bauhaus eskolako zuzendari zen Hannes Meyer arkitektoak enkargatuta, Albersek Bernau-ko (Alemania) Allgemeinen Deutschen Gewerkschaftsbundes Schule eskolako auditorio berriaren horma bat estaltzeko ehun bat diseinatu zuen. Horretarako zelofanaren antzeko material sintetiko bat erabili zuen. Ehun horrek bi alde zituen, bi xede desberdinerako balio zutenak: batak soinua xurgatzen zuen eta besteak, berriz, argia islatzen zuen. Garai horretan, Albersen lana ezagun bilakatzen ari zen eta, pixkanaka, bere obra erakusgai jartzen hasi ziren bere jaioterri Berlinen. 

1933ko azaroan Black Mountain College eskolara iristean, Albersek oso material gutxi zituen erabilgarri: Europatik ekarritako material asko bidaian kaltetu ziren eta, eskola zelai erdian zegoenez, baliabide gutxi zuten eskura. Egoera horrek, berezkoa zuen jakin-minarekin batera, material begetalekin —hala nola, jutea, kalamua, artoa, belarra edo eukalipto-hostoak— eta jatorri industrialeko materialekin —metal-haria, kasu— esperimentatzera bultzatu zuen; horiekin, ehundura desberdinak aurkitu, eta konbinazio paregabeak sortu zituen. 

Grabatuan barrena

1963an, Albers senar-emazteak New Haven-en (Connecticut, AEB) bizi ziren bitartean, Annik bere lehenengo urratsak eman zituen grabatuaren esparruan. Artista laster konturatu zen teknika horrek adierazpide azkarragoa edo, bere hitzetan, askeagoa eskaintzen ziola: 

Josef Albers senarra Los Angelesko Tamarind Lithography tailerrean lan egitera gonbidatu zutenean gertatu zen aldaketa handia […]. June Wayne-k, tailerraren zuzendariak, eskatu zidan nik neuk litografia bat egiteko. Konturatu nintzen, litografian, inoiz imajinatzera heldu ez nintzen askatasuna islatzen zuela harien irudiak. 

Urte horretan bi grabatu egin zituen tailerrean, eta ondoren, New Havenenera itzuli zenean, beste bi egin zituen. 1964. urtean, June Waynek Tamarind eko parte hartzeko gonbidapena luzatu zion eta Lerro-loturak izeneko seriea sortu zuen. 

Lehenengo sorta litografiko horiek haria eta haren formak hartzen zituzten abiapuntu kontzeptualtzat, eta horien segidan, tinta desberdineko hainbat geruzez osaturiko grabatuak egin zituen artistak. Azken horiek, azidoekin nahasten zirenean, gardentasun koloretsuak eta ilusio optikoak sortzen zituzten (hirudimentsiokotasuna, adibidez). Mota horretako lanak seriean sortzeko aukera gustatu zitzaion artistari, eta 1984. urtera arte grabatua baino ez zuen landu, ehunak betirako bazter utzita.



Jarduerak

Anni Albers-i buruzko hitzaldia

Anni Albers-i buruzko hitzaldia

Urriak 4, asteazkena

Nicholas Fox Weber-ek, Josef and Anni Albers Foundation erakundeko zuzendariak, Anni Albers-en bizitzari eta obrari buruz hitz egingo du; izan ere, artistaren ondoan egon da hogei urtean baino gehiagoan. Annie Albers artista konprometitu eta interesgarria izan zen, ehunen eta grabatuaren lanketan aitzindaria, eta ausarta eta adoretsua auke pertsonalak egiterakoan. Emakume zuzena zen, eta berezko estiloa zuen; umore bizi eta adimen ausartekoa. Hitzaldiari esker Albers joan den mendeko pertsonarik kementsuenetako baten berri izango dugu, ezagutzea merezi duena.

Informazio gehiago

Partekatutako hausnarketak: Anni Albers

Partekatutako hausnarketak: Anni Albers

Ezagutu itzazu muntaiaren zirrikituak eta erakusketaren beste bitxikeria batzuk Museoko profesionalek egiten dituzten bisita berezietan.

Arte arduradunen ikuspegia
Urriak 25, asteazkena. Manuel Cirauqui, Museoko arte-arduraduna
Funtsezko kontzeptuak
Azaroak 8, asteazkena. Luz Maguregui

*Babeslea: Fundación Vizcaína Aguirre

Informazio gehiago

Bitxigintzari buruzko tailerra

Bitxigintzari buruzko tailerra [+18]

Azaroak 7 eta 9, asteartea eta osteguna

Black Mountain College arte-eskola esperimentalean Anni Albersek Alexander Reed ikaslea ezagutu zuen, eta biek luxuaren kontrako bitxi-bilduma bat sortu zuten, ohiz kanpoko materialekin: paperentzako klipak, urkilak eta azkoinak, besteak beste. Hainbat saio eskaintzen dituen tailer honetan, ezagutu Matxalen Krug diseinatzailearekin nola erabiltzen zituzten etxeko objektuak 1940ko hamarkadako diseinu horietan eta nola interpretatzen dituen gaur egungo diseinuan.

Lekua eta ordua: Hezkuntza gela, 18:30–20:00.

Informazio gehiago

Ehunekin saiakuntzak egiteko tailerra [+18]

Ehunekin saiakuntzak egiteko tailerra [+18]

Azaroak 25, larunbata

Anni Albers-ek materialekin nola lan egiten zuen ikusiko dugu: hari metalikoarekin eta kobrearekin nola esperimentatzen zuen, aparteko ehun piktorikoak eta mural zintzilikariak sortzeko. Tailerra ehun-sorkuntzako artista eta aditu den Teresa Lancetak gidatuko du tailer esklusibo hau.

Lekua eta ordua: Zero Espazioa, 10:30–13:30.

Informazio gehiago

Bisitaldi iruzkindua Teresa Lanceta artistarekin

Bisitaldi iruzkindua Teresa Lanceta artistarekin

Azaroak 25, larunbata

Teresa Lanceta artistak Anni Albers: ikusmena ukitu erakusketako zenbait obra interpretatuko ditu ordubeteko ibilaldian.

Topagunea eta ordua: Zero Espazioa, 18:00–19:00.

Informazio gehiago

Baliabideak

Entzuteko gida eta egokitutako gidak

Entzuteko gida eta egokitutako gidak

Museoko sarrerarekin batera entzuteko gida eskainiko dizute. Horren bidez erakusketa bakoitzeko artelanei buruzko informazio zabalagoa izango duzu.

Informazio-gunean eskatu entzumen, ikusmen edo/eta adimen urritasunak dituzten pertsonentzako audio/bideo gidak.

Informazio gehiago

Bisitaldi laburrak

Bisitaldi laburrak

Bisitaldi labur hauetan arte edukiak azaltzen dira, modu zehatz eta dinamikoan. Galdetu gaiei, hizkuntzei eta topaguneei buruz Informazio-mahaian.

Ordutegia: asteartea–ostirala, 17:00; larunbat eta igandeak, 12:30 eta 13:30. Jaiegunetan (igandeak izan ezik) ez dago bisitaldirik Iraupena: 30 min
Prezioa: doako jarduera Museorako sarrera erosiz gero. 20 pertsona gehienez; gutxienez 5 (helduera ordenaren arabera)

Informazio gehiago

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean